XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Kooperatifak Euskal Herrian BI GOGOETA.

Orai badu hogoi urte, xoratuak, ohartzen ginen Arrasateko esperientziari.

Batere ahalgerik gabe, gauza bertsua eginen ginuela gure Iparraldearen heinean bederen, gure sailari lotu ginen.

Oro har, ez da ukatzen ahal emaitzak eman dituela gazte denborako kar horrek: hogoi bat lantegi, orotara bortzehun bat langile; izar bat SEI, bi enpresa azkar COPELEC eta ALKI, eta gero andana ttipi bat kooperatifa erne geroari buruz itzuliak.

Alta, Lana taldeko azken bilkuran, gehienek halako eskas bat senditu dugu: lan postu berrien sortaraztea, gehienentzat bederen, orai artinoko modan gero eta nekeago; dauden kooperatifen artean harreman zonbait bainan egiazko elgarrekilako projekturik ez.

Iduri eta, azken urte huntan gure kooperatifa mogimendu huni arima poxi bat histu zakola.

Edo balitake beste ikusteko manera bat, optimistagoa: orai arte ez ginuen sobera barnatu gure helburua, zer zen gure arima eta orai zendako dugun horren beharra.

Beharbada ordu da zeren eta seinale onak datozkigulakotz bai kanpotik bai eta ere Euskal-Herritik beretik.

Konfederazionetik, buruzagi aldatze eta izendatze berri zonbaiti esker haize berri bat heldu zauku, Euskal-Herrian berean aldiz HEMEN HERRIKOA talde ekonomikoa mugitzen ari zauku azkarki, bere aktibitatea azkartu nahiz.

Guk ere aintzinatu nahi badugu, bildu beharko gira projektu baten sortarazteko.

Gero, projektu hori burura eramaiteko, Lana bera, gure elkartea, beharko da gaztetu.

Sobera goiz da aintzinetik erraiteko nola litaken; erran dezagun bakarrik bakoitzak beharko diola, seguraz ere, abandonatu bere independentziaren parte bat elkarte horri.

Denbora berean lan berri horrek egin lezake, Euskal-Herrian Akitaniako Union Regionalak egiten duen obra.

Ez da errexa, badakigu, hortako behar da behar bada hasi pentsatzen. B. Castorene.